|
Iñaki Rezola: The Sleep Of Reason Produces Monsters 'Arrazoiaren Loak Mamuak Dakartza' Ch. Darwin eta F. de Goya·ri omenaldia 'Arrazoiaren loak Mamuak Dakartza' Goyaren grabaturik ospetsuenetakoa da (Google·ren bidez erraz aurkitzekoa). Goyak estimatzen zituen Ilustrazioaren helburuak, garai horretan Europa Erdi Aroko superstizioetatik askatu nahi zutenak -hala nola Sorginkeriatik, Elizak eta Estatuek bultzatzen zutena beren interesen alde (J. Caro Barojaren beraren ustez). Ez da, bada, harritzekoa botere horiek pentsakera eta Arrazoian (eta baita honen alaban, Zientzian) mehatxu bat ikustea. Orain, sinestezina badirudi ere, bizirauteko ikerketa zientifikoa ezinbestekoa duen gurea bezalako gizarte batean berpiztu egin da Galileo konpontzen saitu zen gatazka bera: Biblia eta Zientziaren artekoa, edo, haren hitzetan esateagatik, Jaungoikoak idatzitako bi liburuen arteko gatazka -Biblia, non metaforikoki mintzatu zen, basamortuan galduta zebiltzan judutarrek ulertzeko moduan,eta Natura bera, hau hizkuntza matematikoan idatzia. Galileok azaldu behar izan zien epaitzen zuten Eliza eta Inkisizioari Biblia liburu erlijiosoa zela eta ez zientifikoa, bertan Jaungoikoa zeharka mintzatzen baitzen eta kristauek ez zutela, beraz, hitzez hitz ulertu behar. Kondenatua izan zen. Bi mende geroago Darwinen Espezieen Jatorriari buruzko teoria, hautespen naturalaren bidez, bortizki erasotua izan zen. Eta orain Amerikako Kansaseko Estatuan Natur Zientzietako irakasleak behartzen dituzte beren ikasleak 'zientzilariek azken mende hauetan inposaturiko Darwin·en teoria huts horiek' kritikatzen bultzatzera. Bai era bitxia doktrinamenduari deitzeko. Natur Zientzien teoriak azaldu beharrean, 'Diseino Adimentsu' izeneko teoria irakatsi behar diete: sorginak, mamuak eta munstroak berehala berpizten dira, Arrazoia loak hartu bezain pronto. Irakasle izanda, erantzuna eman nahi izan diot arazo horri. Goyari hartutako tituluan aipatutako mamuak, beraz, 'The Flying Spaghetti Monster' taldekoek ( www.venganza.org ) -ikasle batek arbelean marrazturikoa- erasotzen dituzten berak dira, : 'Diseino Adimentsu'aren teoria eta antzekoak. Beraz, begibistan bestela badirudi ere, IKASLEAK EZ DIRA TITULUAREN MAMUAK EDO MUNSTROAK. Ene ikasleak zoragarriak dira, hain dira zoragarri zer atsedenaldi bat argazkiak ateratzeko utzi zidaten. Eskerrik beroenak beraientzat. Panoramikaren beheko testua grekoa da, antzinateko Hesiodo olerkariaren pentsakera isladatzen duena. bere ustez, : 'Gauza Guztietan Lehena, Kaos·a Izan Zen'. Return |